Benetan Be Teatroa logotipoa

Ikuskizunak

Benetan Be Teatroaren antzezlanak eta ikuskizunak.

Batetik Bestera Kontzertua kartela

Bidutzi

Barregarria, hunkigarria eta optimista… ikaragarria izango da!

Bidutzi hiru urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendutako umorezko antzerkia izango da. Euskara hutsean garatuko den sorkuntza originala zuzeneko musikaz blai. Elkarrekin, txiki eta heldu, beldurtzera jolastuko gara. Bizitzaren atal batetik bestera igarotzerakoan oldartzen diren beldurretarantz zuzenduko dugu linterna eta elkarren eskutik helduta barre egingo dugu.

Inauteri gauean munstroek eta gizakiek kaleak hartzen dituzte festa giroan. Hain pozik dabil Bidutzi anabasan eta hain da tentagarria ez sartzeko esaten duen kartel hori... “Ez sartu, batez ere munstro, kokomarro ala mamua bazara. Ez sartu!” Noski, kaiola barruan sartuko da. Harrapatuta geratuko da. Eskerrak Godofredok dena ikusi duen. Edo Ainara da, Godofredoz mozorrotuta, dena ikusi duena? Horrek ez du axola, ez hemen behintzat, ez orain behintzat. Orain eta hemen kaiolatik irten beharra dago Ehiztaria eta bere Laguntzailea bueltatu baino lehen. Lortuko dute Ainarak eta Bidutzik ihes egitea? Lortuko du Bidutzi txikiak hamabiak jo aurretik berak bakarrik norbait ikaratzea? Gizaki eta munstro, munstro eta mozorro, elkar lagunduko dute pasarte batetik bestera igarotzen urteko gaurik zoroenean eta eurekin batera eramango dituzte ikusleak ikaratik algarara.

Info +
Batetik Bestera Kontzertua kartela

Batetik Bestera: Kontzertua

"Batetik Bestera: Kontzertua" haurrei eta familiei zuzendutako proposamen eszeniko-musikala da. Musika, umorea, antzerkia eta poesia uztartzen dituen sorkuntza originala. Proposamen garbi, txukuna eta oso dibertigarria. Txorien migrazioen bidez giza migrazioei buruz hausnartuko dugu. Abestiek gure ingurumenaren ezagutza, babesa eta maitasuna sustatzen dituzte eta elkartasuna, elkarbizitza, kulturartekotasuna balorean jartzen dituzte.

"Eki arrano arrantzalea (eta arrain arranozalea)", "Ubarroiarena", "Argi, mozoloa", "Partekatu"... Guretik igarotzen diren txoriei eta euren ohiturei buruz arituko gara. Elkarrekin abestu dezagun!

50 minutu inguruan txoriburu izango gara hausnarketarako abiapuntu izateko grinaz.

Info +
Batetik Bestera Kontzertua argazkia 1 Batetik Bestera Kontzertua argazkia 2
Batetik Bestera Kontzertua kartela

Batetik Bestera

Txoriburu izango gara

Bor-bor batean dago Hezegunea. Udaberriko migrazioa hemen da! Iparrerantz doazen lehenengo bidaiariak heltzen hasi dira indarberritzeko premiaz. Prismatikoetatik adi-adi begiratzen baduzue, laster bereizi ahalko dituzue horietako hainbat. Gehienek alabeharrez ekin diote bidaiari bueltatzeko aukerarik izango duten ere jakin gabe. Zer oztopo aurkituko dituzte bidean? Zer helduleku… Xo, xo, xo… Begira, begira, begira!!

"Batetik Bestera" hiru urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendutako umorezko antzerkia izango da. Giza migrazioei buruz hitz egingo dugu txorien migrazioen bidez. Umoretik helduko diogu gaiari eta txotxongilo eta bideoproiekzioen laguntzaz, zuzeneko musikaren uhinek hegalean altxatuko dituzte ikusleak antzokiko eserlekuetatik.

Info +
Batetik Bestera argazkia 1 Batetik Bestera argazkia 2
Porno vs Afrodita kartela

Porno vs Afrodita (edo I ♥ #gorkaurbizu)

Porno vs Afrodita (edo I ♥#gorkaurbizu) izango da heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta heldu ez direnei zuzeneko musikaz blai zuzendutako 60 minutuko antzerkia.

Bai, bai, bai, bai, bai; gora, gora, gora; e, e, e; nora zoaz?! Beherago beherago, beherago; hortxe, hortxe... Bai, bai, hortxe, bikain. Ni, ondo. Hortik, ondo? Ondo entzuten da? Bai? Bikain! Bagoaz! Bat… bi… bat, bi, hiru, lau!

Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla.

Info +
Porno vs Afrodita argazkia 1 Porno vs Afrodita argazkia 2 Porno vs Afrodita argazkia 3
Inondik Inora kartela

Inondik Inora

Oso garrantzitsua da postari batentzat beti erne egotea, beti sasoian mantentzea. Ez da lan makala postariok egin behar duguna, etxerik etxe, kalerik kale, mendirik mendi, bide, aire eta itsaso zabaletan zehar. Beti zehatz eta zorrotz. Ezin da inondik inora paketerik zabaldu, gutunik ireki edo postalik irakurri. Inondik inora ere ez.

Inondik Inora umorea eta poesia, musika zuzenean eta panpinak, euskara eta ingelesa uztartuz, jakinmina eta desobedientzia sustatzen dituen haurrentzako antzezlana da.

Gauza mordoa 50 minutuko formatu txiki-ertaineko 4 urtetik gorakoentzako espektakulu familiar batentzat... Benetan harritzekoa da zenbat gauza sar daitezkeen postari baten zorroan!

Info +
Inondik Inora argazkia 1 Inondik Inora argazkia 2 Inondik Inora argazkia 3 Inondik Inora argazkia 4