PORNO vs AFRODITA

ANTZEZLANA

Adituen esanetan, nabaria da haurtzaroan eta gaztaroan alderdi emozionalak eta afektiboak daukan garrantzia. Gazteek ez dute eskolan informaziorik aurkitzen eta beste nonbait bilatzen dute: Interneten eta pornografian. Han ikusten dutena euren harremanetara eramaten dute eta horrek ondorio psikologiko eta fisiko larriak dakartza.

Ez da makala gizarte mailan daukagun erantzunkizuna eta erronka. Kontua da, guk (nortzuek eta guk!) izan behar dugula gure neke, ezintasun, kontraesan eta aseezintasunean gure ume eta gazteak bidaia horretan lagundu behar ditugunak. Guk argi ikusten dugu elkarren eskutik helduta egin beharko dugula bidea, eta elkarrengandik maitasun osoz ikasi.

PSINOPSIA:

“PORNO vs AFRODITA (edo I ♥#gorkaurbizu)” izango da heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta oraindik heldu ez direnei zuzendutako umorezko antzerkia. Dena, zuzeneko musikaz blai.

Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dugu zentzuen aurrean. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean.

Sei gizabanako hilkor, bizitzarekin ahal duten moduan moldatzen, bi heroi super cool, eta bi jainko-jainkosa ahalguztidun gizaki gaixoek debekatuta duten guztiaz gozatzen. Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla.

PORNO vs AFRODITA

DESKARGAK

(EDO I ♥#GORKAURBIZU)

PORNO vs AFRODITA

Ikusle gazte eta ez horren gazte, heldu eta oraindik heltzear daudenentzat sortu dugu “PORNO vs AFRODITA (edo I ♥#gorkaurbizu)”. Hainbat zalantza, grina, ezintasun aseezintasun eta beste horrenbeste ergelkeri sexual eta afektiboez elkarrekin barre egiteko.

Desioaren arrazionalizazioa, erabakitze-ezintasuna, harri orri ar, gorputza eta aurpegiaren gainerakusketa obszenoa, tabuak, fantasia, proiekzio eta ensoñazioak, generoa eta zenbakia. Rap, trap eta rocka. Gu eta eurak. Analogikoa eta digitala. Pornoa eta Afrodita. Askatasun sexuala ala neoliberalismo sexuala? Aseezintasuna. Eta guztia zeharkatzen, blai egiten, musika.

Musika izango da elementu bateragarria. Helduen artean eta gazteen artean, helduen eta gazteen artean, antzezleen eta ikusleen artean. Musika, hain zuzen ere, eta bere lotura neurologiko eta mistikoa gizakion emozioekin, maitasunarekin.